xaxikomeriyak

2009-10-16

 

Odon: MacDonalds, Zara eta orain El Corte Ingles


Nabaritu al duzue gaztetxoak jada ez direla ordularian gelditzen bere irteeretarako? Orain MacDonaldsen gelditzen dira, bulebarrean baina beste aldean. Nork sortu zuen hau?
1. Bulebarra eta Bretxa: dena eraberritu beharra zegoen. Ados. Baina dirua nondik jaso zen ikusterik badago. Bai, Macdonaldsek sekulako presioa egin zuen eta, txin txin, txin txin, baserritarrak lur azpira edo hotza pasatzen eta lokalik onena MacDonaldsentzat gelditu zen. Ah! Bulebarra ondo gelditu zen eta Bretxa... modernoa. Zer esan nahi du horrek? Galdetu arkitektoen kolegioan... bada dena sustsituta eta fatxada berrituta. Berdin arraindegiaren eraikinarekin. Auzokoentzako ekipamendurik? Bat ere ez.
2. San Martin. Bartzelonako Boqueriara joanez edo Europako edozein hiritan ikusiko duzue nola mimatzen dituzten XIX mendeko merkatuak. Ah! Gainera gu gastronomiaren hiriburu omen gara, lehengaiak mimatzen dituena... Bada berdin! Baserritarrak txoko batera edo lur azpira, postu gehienak jarraitu ezinda eskatzen zen dirutzagatik (orain "kalitatezko" produktuak saltzen omen dira, hau da, zera baino garestiago!)... Eta trukean... alkateak zioen: kultura. Hau da, FNAC. Beno, joan zaitezte. Hiru solairu eta liburuak... liburuak hirugarren solairuko izkinean eta beste guztia sakelekoak, ordenagailuak, gpsak eta kultura "modernoa".
Eta eraikina? PPk berak burdinazko bilbadura zoragarria gorde egin nahi izan zuen! Bada behera, akabo denarekin! Baina nor izan zen prozesuaren onuraduna? Joan eta begiratu: Oisho, Bershka, Zara... hau da, Amancio Ortega Espainiako tipo aberatsenarentzat lekua, eta utikan gure eraikin zaharrak.
3. Morlans. Hemen ere berdin. Babes Ofizialeko etxeak omen ziren orain ardatza, lehen bulebarra eta kultura ziren bezala. Gainera udala horretarako prest zegoen handik bertako eskola publikoa botatzeko eraikin berririk egin gabe... Presioa egin zen eta eskola berria behintzat lortu da... Eta? Orain zer? Zein da gune berri horren onuradun nabarmenena? Bada bai, korteinglesa! Hipercor bat egiten ari dira baina azken momenturarte ez dute aitortuko. Almazen handi horiek lortu dute lehen Macdonaldsek lortutakoa: ez zeuden gure hirian lekurik nabarmenena. Eskerrik asko Odon.

2008-06-02

 

ETBren hastapenak eta TRIMATA

Ez esan azpiko horiek ez dituzuela gogoan. Ba, ETB sortu zenenan etengabe botatzen zituzten... Ia ia poxpolo saltzailearen harena edo espaziozainak hura bezainbat.
Bulgariarrak dira. Imajina ezazue zein garesti atera ziren...

 

Atlantiko ertzeko herritarren historia berria

LA HIDRA DE LA REVOLUCION. Peter Linenbaugh, Marcus Rediker. Critica arg.

Historia liburuak gustuko dituenarentzat. Betikoa kontatzen zaigu, baina aro modernoko historia honek ez ditu garaileak protagonista, iraultza egiten duten “Hidra”ren osatzaileak baizik. Hainbat buru dituen munstro horri buruak moztu eta moztu arren beti berriak sortzen zaizkio. Agintariek Atlantikoan herria menperatzeko egin zituzten pauso sistematikoak eta herriak altxatzeko erabilitako era eta modu desberdinak azaltzen dira liburuan
Zein modutan?
-Nekazariak herritik hirira joan ziren. Bale. Lur komunalak, denonak, espropiatzeko (lapurtzeko) erabilitako sistema agertzen da.
-Kapitalismoak bere filosofia burges eta berritzailea zuen. Bale. Lehenengo lapurtutako lurrak hesitu eta martxan jartzeko jendea behartu beharra zegoen, kaiak eraiki, munduaren lapurretan jarraitzeko marinel izatera behartu eta guztia mantentzeko moduko lanak egiteko. Francis Bacon agertzen zaigu hemen, filosofoa (“la única posibilidad de sanear el creciente déficit era involucrar al país en una contienda bien vista que tuviera lugar en el extranjero”, 1622an); berak hidraren aurka Herkulesek bezala lan egin behar zela esanez akabatu beharreko sei buruk osatutako hidraren itxura agertzen du: indigenak, pobreak (lanean jarriz, bertakoak lehenengo, gero irlandarrak, gero esklabo beltzak), piratak, lapurrak, hiltzaileak, “amazonak” edo emakumeak (borrokalariak zirenak) eta anabaptistak (doktrina berdinzale arriskutsuegiak zituztenak). Hauek guztiak belaunikatzeko tresna TERROREA izan zen.
-Hau guztia bideratzeko atalka lan egin zen. Lehenengo giza erreprodukzioa kontrolatu beharra zegoen, lan esku sortzailea. Erditzearen inguruko “maskulinizazioa” eta zientziaren sarrera (forzepsak, gizon emaginak…) eta emakumearen kontrola: kriminalizazioa (sorginak) eta erlijio mundutik kanporatzea.
-Gero liburuan bide horren aurka gizakiak egin zituen saiakera eta matxinadak aipatzen dira. Napoli 1647 (Masaniello), London 1649, Barbados 1649, Eire 1649 (“Irlanda era un pais bárbaro… porque, a diferencia de otros reinos y estados bien gobernados, no tenía la pena de muerte.” Sir John Davis), Gambia 1652, Virginia 1663.
-Pirata = Lapurra egingo dugu guk denok asoziazioa oraindik ere, ezta? Eta zergatik ez pirata = askatasunaren eredu “kaltegarria” eta, beraz, menperatu beharrekoa? Beste era honetan begiratzen dio liburuak jende talde honi. Kapitulu erakargarria.
-Ikusi duzue Scorseseren Gangs of New York? Ba, orain bidaiatu mende bat lehenagora eta 1741an bertan eman zen iraultza sonatua kontatuko zaizue. Beltzak, irlandarrak, ingeles servantak (Zerbitzu kontratudun benetako esklaboak) eta indigenak, denak batean, azkenekoz historian, boterearen aurka garaile. Geroztik honek ikasi zuen arraza eta nazio desberdinetakoak ez batzeko modu bakarra banatzea zela: arrazakeriaren eta naziokeriaren sorrera.
-Hala ere USArik ez legoke hauek berak ez balira altxatu 1776an eta lehenago. Hori bai, gero famatuak egingo ziren historia, koadro eta grabatuetatik jende pobrea, beltzak, indigenak eta emakumeak kendu eta jauntxoak soilik agertzen dira protagonista gisa.
-Bazenekiten zein zen Catherine Despard? Nik ere ez. Bere senar Edward 1803an urkatu zuten erregea kainoikada batez hil eta Londonen jabe egin ondoren arauak aldatzeko zuen asmoagatik. Bera Nelsonekin batera ibilia zen armadan, eta irlandarra zen ( herri lurren lapurreta ikusia). Belizeko gobernari gisa lur banaketa bat egin zuen (indigena eta beltzak hauen jabe eginaz) eta jasandako oztopo guztien ondoren emaztearekin Londonera itzuli zen, marinel ,esklabu eta langileen artera. (“Os han dicho que la política es un tema ene l que nunca debéis pensar; y que debeis ceder a los ricos y a los grandes hombres del país la tarea de decidir sobre los asuntos de gobierno… ¿Quien os da este consejo?)
- Robert Wedderburn ezagutuko duzue eta menperatuen askatasunaren alde egin zuten askoz jende gehiago, historia liburu ohikoetan agertzen ez direnak, baina beste historia batzuen protagonistak.


2005-11-16

 

Euskara irrati guztietan? Ez? Bai? Pixka bat?

Zenbat komunikabidek egiten dute euskaraz Euskal Herrian? Erantzuna argi dago. Gaiaren eztabaidan agertu ohi diren zergatiak ere bai. Beraz, ezer berririk ez, eta euskara kultura edo euskara sailean emango dute gehienez gure herrian guztiok ezagutzen ditugun komunikabide horiek; badakizue, euskara euskarazko liburu, pilota edo bertsolaritzarako soilik erabil daiteke horietan gehienez.
Beno, bada hara gaur entzundakoa.
Komunikabidea: SER irratia (Radio San Sebastián). Gaia: Reala. Gabi Ramosen saoian jokalarien betiko prentsaurrekoak betetzen dituenak gauza bat atzeman dio Aitor Lopez Rekarteri: Darkoren ebakuntzak taldean izango duen eraginaz galdetu zaionean gazteleraz betikoa erantzun du eta euskaraz ez. Gazteleraz talde guztia dagoela egoerari aurre egiteko eta denen artean etab. etab. aspergarria. Euskaraz, aldiz, hasteko etengabe Darkoren faltari buruzko galdera egiteari errespetu falta deritzola esan du. Hor zegoen berria. Baina, kaka zaharra, euskaraz.
Zer egin? Esataria (euskalduna noski, bestela horri ere ihes egingo zion berriak batek daki zenbat aldiz gertatu ohi den bezala) gaia aurkezten hasi da, baina BARKAMENA eskatu dio Gabi Ramosi euskarazko korte bat jarri behar izateagatik, baina gaiak honela eskatzen omen zuen.
G. Ramosek, bere aldetik, tradizozko hitz hutsal horiek bota ditu: lasai, gure hizkuntza den honetan, hain maitea dugun honetan, etab., etab.
Euskara komunikabideetan tesi doktorala egin nahi duen batentzat antologikoa iruditu zait berri hori aurkezteko modua eta testuinguru guztia.
Historiak juzga dezala.

2005-11-10

 

PINTADA BERRIEN JOERAK ZEIN DIRA?

Ez al duzue nabaritu zuen inguruan gero eta pintada gutxiago daudela?.
Gure udalen garbiketa ildoak erabat aspergarri bihurtu ditu gure kaleak eta garai bateko pareta haiek faltan botatzen ditugu.
Orain Pompeiara jaoten gara erromatarren garaiko pintadak ikustera baina hemen "garbitasuna" deitzen diogu gure kale espresioa mututze horri.
Euskal Herrian egin izan dira pegatinei buruzko erakusketak, kaleko kartelei buruzko liburuak baina pintaden argazki bilduma egoki bat falta da eta oso zaila izango da hori burutzea.
Sarean badaude gai konkretuei buruzko informazioak, plantxen bidezko pintadei buruz Garagoittiko orakulua blogean dagoena bezalakoa, edo pintada solteen argazkiak han eta hemen.
Inork badu gehiagoren informaziorik?

Bitartean , gaur egungo pintadek daramaten joeraren erakusgarri, hor duzue Andoainen aurkitutako pintada genial horietako baten argazkia

2005-10-04

 

EUSKAL HERRIKO JATETXEAK


Ez dakit zuei gertatu zaizuen baina niri aspaldi honetan gure jatetxeetara joanean izan ditudan esperientzietan gero eta txasko gehiago hartu ditut. Zertan? Ea zuei zer iruditzen zaizuen...
Hemen jatetxe on asko dago, hori ukaezina da, eta nik guztien aurretik defendatuko nituzke buruan ditugun dozena pasa jatetxe aparta horiek. Arazoa beheragoko mailara jotzean gertatzen hasi dela iruditzen zait.
Lehen edozein herritara joan eta seguru aurkituko zenuen eliza ondoko benta edo ostatu bat betiko etxeko andrearekin eta betiko janari aparta eskainiko zizuna. Gehienetan lokala ez zen punta puntako erosotasunekin egongo baino platerean zenuenak ederki baino ederkiago asetuko zintuen.
Orain, gure probintzietako azken herriko azken auzoko elizaurrera joan zaitezke eta sartu eta barra altu bat eta banketa batzuk zeuden lekuan orain eraikin berri neobasko, neokitsch estiloko megaeraldatutako leku bat aurkituko duzu. Barra kristalezkoa da. Etxeari sekulako gelatzarra erantsi diote. Eta jangelara sartu eta anbientadore usaina duzu(aghhh!!!), aulki tapizatuak, dekorazioa herriko diseinadore kurtsilodun batek egin du (baina Pitita Ridruejoren etxerako egokiagoa da), eta (oh, azkeneko eta okerrena!!) hari musikala jasan behar izango duzu otordu osoan.
Segituan zerbitzen zaituzte, hori egia da, eta askoz modu adeitusagoan, baina hori bai, erdaraz. Gure erdalzale amorratuentzako keinu eta jarrera bateria erabat kamustuta geratzen da, ez gara gure batallitetan hasiko bizitza aurrera ateratzeko zailtasunak dituen batekin (gaztelara1, euskara 0).
Baina goazen benetan hara eraman gaituenera. Leku horretara hango kalloak jatera joan gara. Betikoa dute fama eta saltsa hangoa bezalakoa ez dugu inon jan, oraindik gogoan dugu zaporea. Bada ez, ez daude jada kartan. Jabeak ere aldatu dira. Eta oraingo honetan bertakoek erretorika azkar eta zabarrean baina jada hain desiratuan botatzen zizkiguten menuen ordez sekulako karta luzea jarri digute sudur aurrean. Hori bai, plateren izenak oso luzeak dira eta benetan sugerenteak. Eskatu dugu.
Eta? Bada ez, marketinga oso landua izango dute baina plater barruan dagoenak ez zaitu asebetetzen. Zergatik? Erantzun asko egon daitezke lekuaren arabera: plater oso handiak eta diseinuzko entsalada gero eta txikiagoak (etxeko tomateak hobe zeuden konfit txar hori baino letxu artean), edo onddo (JA!!!) saltsa gero eta nata gehiagodunak eta liseritzeko gero eta zailagoak, haragi oso samurra dela diote zure otordukideek baina zuri benetan kostatzen ari zaizu mamurtzea, ....
Beraz, zera esan nahi dut: gora euskal sukaldaritza berria!, nik oso atsegin dut Arzak, Akelarre, Fagollaga, Berasategi etabarretara inoiz egokitu zaidanean joatea, baina: gora euskal sukaldaritza zaharra!!. Eta euskal sukaldaritza berri baina ertaina, bai baina ez hori, mesedez, eraldatu edo desager dadila ARREN.

Arxius

2005-10   2005-11   2008-06   2009-10  

This page is powered by Blogger. Isn't yours?

Subscriure's a Missatges [Atom]